• Agur  eta  ohore

    Agur eta ohore

    EGIren izenean gu bezalako gazte batzuei oroitza eta aitormena egin nahi diegu. 82 gazte, bere onenean zirenean, gerrak betirako eraman zituenak. Euskadi eta demokraziaren alde bizitza eman zuten. Gure aitonak izan zitezkeen eta laurogei urtez isilean ehortziak izan dira Zalloko hilerrian, Gernikan. Orain beraien memoria ekarri nahi dugu gurera, omenaldia eskaini eta besarkada eman haien ondorengoei, urte luze hauetan jakin ez dutenak non ziren bere ahaideak; desagertuak izan baitira, familia eta hurbilekoentzat izan daitekeen egoerarik latzena. Gure besarkada beroena zendutako hauen familiakoentzat.

    Eta omenaldia izan nahi duen honetan, bi gizon aipatu nahi ditugu izen eta abizenekin, espresuki. Julian Lejarraga, Gernikako ehorzlea zena, gudarien gorpuak ezabatu eta hobi komunera botatzeko frankistak emandako agindua bete ordez kanposantuko lurretan ezkutuan lurperatu zituelako. Eta Jose Mari Otxoa de Txintxetru jelkidea, Kirikiño batailoiko ofizialordea izandakoa gerran, 1951an Euzkadi Buru Batzarrari bidalitako txosten batean Gernikan ehortzita gorpuen historia eta une hartako egoera jakinarazi zuen laguna.

    1936ko gerra hasi berritan, Doroteo de Ziaurriz tolosarrak burutzen zuen EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak panteoiak eta lur saila erosi zituen Gernikako kanposantuan, Zalloko hilerrian, alderdiko batailoietako gerran hildako gudariei bertan lur emateko. Gisa horretan, Zalloko hilerriak Loyola, Saseta, Amaiur eta Itxarkundia batailoietako 71 gudari gipuzkoarren gorpuak hartu zituen, eta horiekin batera batailoi horietako Araba eta Bizkaiko beste bederatzi gudarienak. EAJ-PNVk erositako kanposantuko lurretan ehortziak izan ziren ere CNTko miliziano bat eta ELA-STVren San Andres Batailoiko beste gudari bat.

    Eusko Alderdi Jeltzalearen milizietan, Eusko Gudarostean, borrokatu zuten gazte haiek. Izen hori, Eusko Gudarostea, Euskal Estatutua onartu ondoren Eusko Jaurlaritzaren menpeko armadak hartu zuen eta bertan integratu ziren, alderdi bakoitzak bere ardurak gordeta, Errepublikaren alden borrokan ziren milizia guztiak, horien artean Eusko Alderdi Jeltzalearen 28 batailoiak. 1936 urriaren 7an, Jose Antonio Agirre Lehendakaria izendatzearekin eta Eusko Jaurlaritza sortzearekin batera, Jaurlaritzaren mende geratu zen Eusko Gudarostea, Defentsa Sailari atxikita, Jose Antonio Agirre bera, Lehendakaria izateaz gain Defentsa Sailburua izanda. 1936ko urriaren 18an, Eusko Jaurlaritzak lau kinta soldadutzara deitu zituen eta kintetako gazteak gehitu ziren lehenagotik boluntario borrokatzen zeudenei.

    Gudarostea antolatzearekin batera, Jaurlaritzak Gernika inguruan kokatu zituen Gipuzkoan sortutako hainbat batailoi, kontuan izanda, 1936ko iraila erdialdeaz gero, Eibar eta Elgetaren salbuespenekin, Gipuzkoa frankista matxinatuen esku eroria zela. Hasiera batean, hiru batailoiak hartu zuten Gernikan kuartela, EAJ-PNVren Itxarkundia eta Loyola batailoak eta Alderdi Komunistaren Salsamendi batailoiak. Handik gutxira, Itxarkundiak Bermeora pasa zuen bere egoitza eta EAJ-PNVren Saseta metrailadore batailoiak hartu zuen libre utzitako kaserna. Azkenik, Gernikatik gertu, EAJ-PNVren Amaiur batailoiak Mundakan jarri zuen kuartela.

    Gernikako kanposantuan ehortzitako gudariak lau guda-oin nagusietan zendutakoak dira. Legutioko 1936ko azaro-abendua bitarteko erasoaldian eroriak. Asturiasko guda-oinetara 1937ko otsailean Eusko Gudarosteak bidalitako batailoietan hildako batzuk, ezin ahaztu espedizio horretan Eusko Gudarostearen buru zen Candido Saseta komandantea bera hilik gertatu zela. Horiekin batera, Zalloko hilerrian dira Otxandio, Elgeta, Aramaio, Elorrio, Durango, Intxorta, Saibigain edo eta Urduñako San Pedro mendiko defentsetan eroritako gudariak. Gernika ondoko borroketan hildakoak izan ziren EAJ-PNVren lur sailak hartu zituen azkenak.

    Frankista matxinatuak, Gernika suntsitu ondoren apirilaren 27an hartu zutenean, Zalloko hilerrian ehortzita zeuden gudarien gorpuak EAJren jabekoak ziren lur eta nitxoetatik atera eta hobi komunera botatzeko agindua eman zuten. Horren aurrean, Gernikako ehorzleak, Julian Lejarraga jaunak, gorpuak atera bai, baina bi panteoien artean lurra eman zien ezkutuan. Horri esker salbatu dira gorpuak. Lejarragak, gainera, lurperatutakoen memoria gorde zuen, Gernika-Lumoko udaleko erregistroetatik ezabatua izan zena frankisten aginduz. Azkenik, Jose Mari Otxoa de Txintxetru jelkideak, EAJ-PNVren Kirikiño batailoiko ofizialordea gudan, 1951an Euzkadi Buru Batzarrari bidali zion barne txosten batean ehorzketen historia eta une hartako egoera jaso zuen.

    Hau dugu historia, hauek ditugu gu bezalako gazteak bere onena, bizitza, Euskadiren eta demokraziaren defentsan eman behar izan zutenak. “Dena eman behar jako maite den askatasunari”, idatzi zuen Estepan Urkiaga Lauaxetak; horixe egin zuten gazte haiek, Agirre Lehendakariak adierazitakoa betez: “ez gaude inor hiltzeko prest, baina prest gaude geure bizia galtzeko”. Inoiz baino gehiago, esan dezakegu haiek izan zirelako garela. Agur eta ohore, egun handira arte. Goian bego.

     

    Leave a reply →
  • Egilea: Get your documents written perfectly on 2017/07/01, 02:24

    Best Editing Service

    The amount of written content has been growing exponentially recently, and it’s no wonder. For students, writing is an inseparable part of college and university assignments; for businesses, online publishing is a way to reach customers. The need for…

    Reply →

Leave a reply

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies