Askegunea eta 28 gazte auziperatuak

Gipuzkoako EGIk uste du iraganeko estatuaren salbuespen neurrien estrategia bati erantzuten diola egindako 28 gazteen epaiketak, Segi erakundeko kide izate hutsa talde armatuko kide izateko egozten delarik. Asko dira prozesuaren zilegitasuna kolokan ipintzeko ditugun arrazoiak, prozesua aurrera eramateko oinarri gisa erabili diren adierazpenak torturapean burutuak izan direla salatu baitute. Ekintza hori argitu beharko litzateke eta beharrezko berme guztiak aldarrikatu.

EGIren ustez, gisa honetako prozesu eta estrategiei aurre egiteko modu eraginkor bakarra bide demokratikoen defentsan oinarritzea da. Ez dugu gustuko Azpeitian bizi izan diren tentsio eta konfrontazio egoerak, arazoaren benetako funtsa desitxuratzen baitute. Askegunea eta ingurunetik EAJ/PNVri eta Ertzaintzari egotzi nahi izan zaio Entzutegi Nazionalak agindutako eta bultzatutako egoera honen ardura, horretarako auziperatuen egoera dramatikoaz baliatuz, prozesu honen erantzule ez den alderdi bati eragozteko kanpaina gogorra gauzatu da, etekin politikoa lortzeko.

Gaur Azpeitian Ertzaintzarekin nahita konfrontazioa bilatzen duten horiek eta desobedientziarako deia egiten duen horiek, ez dute eztabaida lausotzea besterik lortzen. Ertzaintzaren lanaren defentsa irmoa burutu nahi dugu; baita legez epaile, epaitegi eta fiskaliaren esanetara gustuko ez ditugun neurriak nahitaez exekutatu behar dituztenean ere, inoiz existitu behar ez zuen epaiketa eta prozesu baten fruitu diren neurriak.

Entzutegi Nazionalaren eta espainiar estatuaren jarduna salatu nahi dugu, gorrotoan oinarritzen baita. 28 gazte auziperatuei gure solidaritatea adierazi nahi diegu, euskal gazteriari elkarrekin puntu komunak bilatu eta landu ditzagun eskatuz, etorkizun justu eta askeagoa guztion artean eraikitzeko.

Tags:
,
Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.