• Donostia  bat  bakarra  munduan

    Donostia bat bakarra munduan

    Urtarrilaren 20a egun berezia izan ohi da donostiarrentzat. Udaletxe zaharreko kanpaiek gauerdiko 12ak jo eta Sarriegiren martxaren lehen notak eta lehen danbor-doinuak entzutearekin batera, alaitasunez, algaraz eta umore onez beteriko festa lehertzen da. Aurtengo urtarrilaren 20a, are bereziagoa eta hunkigarriagoa izango da. Ez soilik donostiarrentzat, baita gainerako gipuzkoar eta euskal herritarrentzat ere. Izan ere, egun horretan bertan, urteroko festa eta ospakizunez gain, Europako Kultur Hiriburutzari hasiera emango baitzaio.

    Inaugurazioak guztira bost egun iraungo ditu (urtarrilaren 20tik 24ra) eta 70 ekintza baino gehiagoz gozatzeko aukera izango dugu. Horien artean, azpimarragarriena, urtarrilaren 23an, 20:00etan, Maria Cristina zubian burutuko den ekitaldi nagusia eta Kultur Hiriburutza ofizialki irekiko duena: “Elkarbizitzaren zubia”, hiritar guztiei zuzendutako aparteko ikuskizuna.

    Hain zuzen ere, “elkarrekin bizitzeko kultura” da Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren lelo eta aldarri nagusia. Kulturaren bitartez, herritarren arteko harremanetan elkarbizitza eredu berri eta iraunkor bat lortzea du helburu: gizarte irekiago bat, aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta tolerantzia sustatuko dituena; solidarioa eta elkarlanean arituko dena; bakean biziko dena; herritar parte-hartzaileek osatua; Europara eta mundura zabalduta dagoena. Gizarte bezala aurrera egiteko ezinbesteko baloreak dira guztiak.

    2016a urte berezi bezain garrantzitsua izango da Donostiarentzat. Kultur eskaintza nabarmen zabalduko da eta era guztietako jarduerez gozatzeko aukera izango dugu: kontzertuak, erakusketak, tailerrak, laborategiak… (programa guztia bertan aurki dezakezue: http://dss2016.eu/eu/dss2016eu/elkarrekin-bizitzeko-kultura). Honek guztiak, nola ez, eragin nabarmena izango du turismoan eta hiriaren kanpo-proiekzioan, Donostia, Gipuzkoa eta Euskadi munduko mapan kokatuz.

    Halaber, azpimarratzeko modukoa da Kultur Hiriburutzaren urtearen bueltan Tabakalera eta Musikeneren egoitza berria bezalako kultur-azpiegiturak amaitu izana. Hirian maila honetako kultura garaikidearen zentro bat eta Goi Mailako Musika Ikastegi bat izateak Donostian kulturak garrantzia duela demostratzen du, eta zalantzarik gabe, etorkizunean hiriaren kultur arloko bi zutabe garrantzitsuenetarikoak izango dira. Ez baitugu ahaztu behar, 2017an, 2018an, 2019an, 2020an… eta ondorengo urteetan ere Donostiak kulturaren hiri izaten jarraituko duela.

    Hainbeste urtez itxaroten egon ondoren ordu batzuk baino ez dira falta, harrotasunez, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua dela esateko. Aurtengoan San Sebastian eguna urtebetez luzatuko da, eta Donostian ez ezik, Gipuzkoan eta Euskadi osoan ere ospatuko da. Danbor- eta upel-hotsak aurreko urteetan baino urrunago iritsiko dira. Urte oparoa, aberasgarria, alaia eta bizia izango da Donostiarentzat. Hiriarentzat erakusleiho ezin hobea, euskal kultura, euskara eta gure Herria munduan zehar zabaltzeko ere balioko duena. Europari eta munduari erakuts diezaiogun Donostia bat bakarra dela munduan.

    Gora Donostia! Zorionak Donostia!

    Leave a reply →

Leave a reply

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies