Arraina eta Kanabera

Udaberrian sartu berri gara duela egun batzuk eta, udaberriarekin batera, gure Herriko mendi eta zelaiak, negu grixa atzean utziz, kolore biziak erakusten dizkigute. Txuri-beltzeko errealitatea koloredun errealitate berri eta alai batean bilakatu daitekelaren probarik ederrena. Berpizkundeen duintasuna.

Duintasuna. Hau da gure Administrazio Publikoa bilatzen ari dena. Azken urteotan, krisi ekonomikoa dela eta, hiritarren duintasunaren zutabeak ahuldu dira: langabezia, soldaten jeitsiera, lan-baldintzen aldaketak (okerrera)… drama kolektibo bat. Itxaropen falta izan da hiritarren sentimendu bortitzenetako bat.  Honi aurre egiteko, gizartearen elkartasuna are gehiago aktibatu da. Elkarte sozial, herri bat garelaren seinale.

Testuinguru beltz honetan, Gizarte Politikak inoiz baino pisu eta garrantzi haundiagoa hartu behar izan du. Eta hemen, Euskal Erkidego Autonomoan, hainbat eta hainbat familiarentzat, berebizikoa bihurtu den tresna goraipatu beharko litzateke: Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (gaztelaniaz, Renta de Garantía de Ingresos), Ibarretxe Lehendakari zela, 18/2008 Legeak araututa. Garai ilunetan, elkartasuna ardatz hartuz, gure gizarteko familiek zer jateko behar zuten (eta, tamalez, oraindik askok behar dute). Errenta honetaz gain, beste hainbat laguntza behar izan da, tartean, AES/GLLa (Eusko Jaurlaritzak, Udalen bidez, finantzatzen duen Giza-Larrialdietarako Laguntza) edo AGI/DBLa (Gipuzkoan Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntzak). Herri solidario bat garela erakusten diogu munduari. Urkullu Lehendakariak esan zuen moduan: “Agian krisialditik beranduago aterako gara, baina denak batera aterako gara”.

Herri honek demostratu du, bere seme-alabek arraina behar dutenean, arraina ematen diela. Baina, familien antzera, seme-alabak heldutasunera iritsi behar dira, autonomia lortuz nolabaiteko emanzipazioaren bidez. Horregatik, egoera ekonomikoan argi-ilunak azaltzen ari diren momentutik, era autonomoan arraina lortzeko tresna eman behar zaie, kanabera, alegia.

Iluntasunari argia jartzeko momentua iritsi da. Eta egungo Gipuzkoako Foru Aldundiak, Markel Olano buru dela, ez du zalantzarik. Horregatik, Aldundiak Ekonomia Suspertzeko Plan bat martxan jarri du, 2016 urterako 50 milioi euroko kopuruarekin (datozen urteetan ere Plana egokitu eta mantenduko da). Ekonomia Suspertzeko Planaren helburua sektore ekonomiko ezberdinei bultzada bat ematea da, Gipuzkoan lanpostuak sortu daitezen: industria, lehen sektorea, turismoa eta kultura, eta gizarte politika.Gizarteko eragileekin adostuta, Plan hau etorkizunaren sinonimo bihurtuko da.

Erreminta honekin, arrain kopurua mantenduz, gizarteari kanaberak ematen zaizkio, hiritarrak heldu autonomotzat hartuz, eta ez subjektu pasibo bezala. Urteotan, kanaberak sortzea da gizarte honen lehentasuna. Lanpostu berriekin, Administrazioak diru-sarrerak haundiagoak izango ditu, egun eta etorkizunean Gizarte Politikak (dirulaguntzetaz haratago) sostenigarriak izan daitezen.

2009an, Ibarretxe Lehendakariak era sinple eta magistralean laburbildu zuen: “Herri bat kudeatzea familia bat gobernatzea bezala da: gauzak ondo doazenean, irabazitako zati bat gorde behar da, gauzak gaizki doazenean, eltzeitsua hautsi eta gordetakoa erabiliz bizi ahal izateko”.


Euskal Herria herri eta komunitate heldua da, eta etorkizun oparoa izango duela ez dugu zalantzarik. Hiritarrengan konfidantza dugu. Gizartearengan konfidantza dugu. Herri hau maitatzen dugulako, sostengua eman diogu eta itxaropena itzuliko diogu. Norberak irabazitako arraina askoz ere goxoagoa delako.

fa3f8c099bbdb62cb985e3e0a96e05d7

No hay comentarios

Sorry, the comment form is closed at this time.