Eskozian etorkizunari YES esaten zaio

Eskoziako prozesuak argi uzten du autodeterminazio prozesuak ez direla ez anakroniko ezta antinaturalak ere

 

Adibide eredugarri bat jartzen du mahai gainean, non Estatuen Lurralde integritatearen printzipioek ez duten Herrien Erabakitzeko Eskubidea zanpatzen eta oztopatzen. 

Datorren irailaren 18an, Eskoziar herritarrek euren etorkizunaren norabidea finkatuko duten galderari erantzungo diote. Eskoziarren nahiaren isla izango den erantzuna bilatzen duen galdera. Eskoziako eta Britainia Handiko gobernuen arteko, bi aldeko adostasunetik eratorritako  ariketa demokratiko paregabekoa.

Modu baketsu eta koherentean gauzaturiko prozesua. Azpimarratzekoa eta esanguratsua da da Eskoziak ibilbide honetan izan duen jokabide baketsua, zeinaren bidez argi erakutsi duen elkarrizketa eta akordioak direla edozein prozesu garatzeko bide bakarra. Edonolako indarkeria baztertuta utzita.

Prozesu Eskoziarrak adibide eredugarri bat jartzen du mahai gainean, non Estatuen Lurralde Osotasunaren printzipioak ez duen Herrien Erabakitzeko Eskubidea zanpatzen eta oztopatzen.  Britainiar gobernuak heldutasuna eta errespetua erakutsi du Eskoziarrei hitza emateko orduan eta baita prozesu honetatik eratorriko den emaitza onartzeko orduan.

Autodeterminazio prozesuak denboraz kanpokoak direla adierazten dutenen hitzak jokoz kanpo utzi ditu Eskoziako ereduak, XXI. mendean bete betean murgildurik, honelako jardun demokratikoek berebiziko gaurkotasuna dutela argi azalduz. Heldutasuna eta errespetua ardatz izan dituen Eskoziako prozesuak argi uzten du autodeterminazio prozesuak ez direla ez anakroniko ezta antinaturalak ere.

Eskoziarrek beren identitate propioa garatzeko aukera izango dute aurrerantzean. Berezkoak dituzten balore sozial eta politikoak osotasunean garatuz eta euren eredu propioan oinarrituriko politikak indarrean jarriz.

Eskozian gertatutakoa eredu, Espainiar Gobernuari argi eta ozen esan nahi diogu autodeterminazio prozesuak ez direla konfrontazioan oinarritzen, herritarrek euren etorkizuna diseinatzeko eta egokiena den aukera hautatzeko duten eskubidean baizik. Posible da herrien erabakitzeko eskubide prozesu bat koherentziaz eta elkar ulermenaz martxan jartzea, aldiz, ezinezkoa da, beste alde batera begiratu, eta bere borondatea libreki eta modu demokratikoan azaldu nahi duen herri bati jaramonik ez egitea.

Baina Espainiar Gobernuari soilik ez, abertzaleen arteko batasunari ere egin nahi diogu deia. Ezker abertzaleari, 2008an Gasteizko Legebiltzarrean gertaturikoa berriz ere errepika ez dadin, Erabakitzeko Eskubidea tresna politiko gisa bere onurarako erabiliz, bere interes partidistak joko politikoan lehenetsi ez ditzala eskatu nahi diogu.

Eskozian ekiniko bideak, XXI. mendean erabakitzeko eskubidea egikaritzea helburu duten prozesu demokratikoak aurrera eramatea posible dela erakutsi digu. Darraigun ba geuk ere geure bidean!

Kartela eskuragarri: ARGAZKIA

 

 

No hay comentarios

Sorry, the comment form is closed at this time.