• PLAZARA, EUSKARA, JALGI HADI MUNDURA!

    PLAZARA, EUSKARA, JALGI HADI MUNDURA!

    Abenduak 3 ditu bihar. Euskaldunontzat egun garrantzitsua bezain seinalatua; gure hizkuntza zaharrarekiko konpromisoa berresteko eta aldarrikatzeko eguna. Nazio bat gara, eta hori, hein oso handi batean, euskarari esker da: Herria da gorputza, hizkuntza bihotza. Euskadiko berezko hizkuntza da euskara, eta ez euskaldunok dugun bakarra izateagatik, euskaldunok bakarrik dugulako baino. Txantxangorria bezala, kalearen bizia eta Herri honen irria da.

    Urteetan zehar, mendez mende, harrotasunez eta ohore handiz, ozen esan dugu Araban bagare, Gipuzkun bagera, Xiberun bagire, ta Bizkaian bagara, Lapurdi ta Nafarroan bezala; euskaldun guztientzat lokarri baita euskara. Asko egin dugu orain arte, eta euskarak, zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, aurrera egitea lortu du. Baina, era berean, asko dugu egiteke, geroz eta erabiliagoa, biziagoa eta modernoagoa izan dadin.

    Eta nola lortu hori? Dakitenek erabiliz eta ez dakitenek ikasiz. Ez dago besterik. Zentzu honetan, gure esker ona eta gorespena adierazi nahi dizkiegu euskaldun berriei, euskara biziberritzeko prozesuan giltzarri izan baitira. Baina hiztun berriez haratago, ezinbestekoa da hizkuntza erabiltzea. Ezagutza eta erabileraren artean betidanik egon den aldea irauli behar dugu, jakitetik erabiltzera jauzi eginez. Hizkuntza bat ez baita galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik.

    Gipuzkoako Euzko Gazteditik, gaur ere, urteko gainerako egun guztietan bezalaxe, euskaraz bizi nahi eta euskaraz bizi naiz leloa geure egin eta euskararekiko konpromiso irmoa adierazi nahi dugu. Aberriaren mugak, euskararenak, gure baitan baitaude gehienak, eta euskara zabalduaz lau haizetara, zabalago eginen baikara.

    Adiskideok: euskara azkartzeko oraintxe dugu aukera. Hitzetatik haratago, ekintzetara igarotzeko garaia da. Euskarak eta Herri honek behar gaituzte. Aukera kontua da, eta guk aspaldi egin genuen euskaraz bizitzeko eta gozatzeko hautua. Euskal Herrian euskaraz nahi baitugu hitz eta jolas: etxean eta kalean, berdin-berdin jolasean, eskolan, kalean, tristuran eta pozean. Gurekin etorri nahi? Hirekin asko izan gaitezke!

    Leave a reply →

Leave a reply

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies