Tunel-bidean

Badira zortzi bat urte, ia oharkabean, tunel batean sartu ginela. Bidaia luze honetan zehar koiunturaren ondorioak ezagutu ahal izan ditugu gure inguruan edota, bertatik bertara, gure familiartean. Tuneleko iluntasunean, jakin badakigu egunen baten sartu ginen moduan irtengo garela. Hala ere, krisiak hain epe luzea hartu du ezen berarekin bizitzera moldatu garen, ohitzeraino kasik. Enpresen itxierak, langabeziaren hazkundea, etxegabetzeak… dira krisi honen protagonistetako batzuk.

Testuinguru honi erreparatuta, egunak argituko duenaren esperantza mantentzea zaila da herritarrentzat. Are gehiago espainiar Estatutik esperantza faltsuko mezuak heldu izan direnean urte hauetan: lehenengo, Zapateroren ernamuin berdeak eta ondoren, Rajoy eta bere mirarizko susperraldi ekonomikoa; euskal agintariek, ostera, zuhurtzia handiagoz jokatu dute krisiaren irteerari dagokionez. Bestelakoa izan da euren jarrera. Euskadin diskurtso arduratsua gainezarri zaio interes politikoari, eta horrek sinesgarritasuna ematen die krisiaren kudeaketari dagokionez. Baina, zer diote gure agintariek 2016ari buruz?

Gogoan dut urte hasieran Arantza Tapiari egunkari batek egindako elkarrizketa. Bertan, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak, zioen jada inork ere ez duela enura egiten krisialdiaren irteera gertatzen ari denaren inguruan. Adierazle makro-ekonomikoek joera positiboa erakusten dute, baina ezin da ziurtatu berau denboran zehar sostengatuko denik eta gainera, ez da nahikoa behar adina enplegu sortzeko. Angel Toñak, Enplegu eta Gizarte Politikako Sailburuak, 2015eko ekainean adierazi zuen bi urte beharko direla 2008ko langabezia tasara itzultzeko. Era berean, 2020rako enplegu bete teknikoa lortzea posible izango zela aurreratu zuen. Toñak ere, tentuz dioen arren, oraingo egoera beste bat dela baieztatzen du. 2015. urtean BPGak izan zuen hazkunde inportantea eta lan-merkatuan sumatzen hasi diren aldaketek hala berresten dute bere ustez.

Euskadiko ekonomiaren zutabea industria den heinean, aldaketen aurrean espainiar Estatukoa baino zurrunagoa da. Honek bi gauza azaltzen ditu: batetik, gurean zailagoa da enplegua suntsitzea eta koiunturaren ondorioak, hortaz, beranduago pairatzen ditugu. Bestetik, egitura ekonomikoa zurrunagoa izanik, krisitik ateratzea gehiago kostatzen zaigu. Kontuan edukitzeko datua da industriak EAEko BPGaren %23,6 ordezkatzen duela gaur egun; Estatuan, ostera, %14 bat.

Zentzu horretan badugu esperantzarako motiborik. Euskadik, BPGarekiko, ikerketa eta garapenera bideratzen duen inbertsioak Europar Batasuneko batez bestekoa gailentzen du, Gipuzkoa nabarmendu behar delarik. Oraingo erronka ikerketa hori produktu bilakatzerainoko denbora-tartea laburtzea da Tapia Sailburuaren esanetan. Gure egitura ekonomikoa oinarri sendokoa da, beraz hobetu beharrekoei heldu eta Europako puntako herrialdeekin tratatzea izan behar du etorkizuneko helburua. Eusko Jaurlaritzak ez du okerrago dauden herrialdeen datuetara jo konparazio erraz eta auto-konplazienterik egiteko, baizik eta industria indartsua duten Europako herrialdeekin alderatu da. Alemaniako Bavaria Estatuari, non industria bere BPGaren %32 den, eta herrialde nordikoei jarri die begirada, etorkizuneko erronka modura.

Toña Sailburua konbentzituta dago gure oinarri sendoek Euskadiko ekonomiaren egonkortasuna bermatuko dutela, eta hala sostengatzen du berriki Europar Batzordeak kaleraturiko 427. Flash Eurobarometer delakoak (artikuluaren amaieran aurkituko duzue). Honen arabera Euskal Herria ekonomia-gune segurua da eta, Balearrekin bat, hurrengo hamabi hilabeteetarako aurreikuspen baikorrak dituen bakarra Estatu mailan. Badirudi, beraz, tunelaren bukaerako argia ikusten hasi garela. Hori bai, argi dugun gauza bakarra da sartu gineneko beste leku baten agertuko garela.

Krisiek eredu eraldaketak dakartzate. Tuneletik moldatuta irtengo gara, eta iluntasunetik egun-argira pasatzeak suposatzen duen hobekuntza hori indartu eta pertsona guztiei helarazi behar zaie. Angel Toñaren iritziz, horretarako, beharrezkoa da gizarte kohesioa bultzatzea. Gure ereduari leial, elkartasunez, Euskadik agian beranduago utziko du tunela, baina guztiok batera ekingo diogu bidaiari aire zabaleko autobidean, inor atzean utzi gabe.

 

European Commission

No hay comentarios

Sorry, the comment form is closed at this time.