GOBERNANTZA BERRIA

Gobernantza, gobernu ona, gobernu irekia… azkenaldian, erakunde publiko ezberdinen ahotik, sarritan entzun ditugun terminoak dira. Baina zertaz ari dira? Erantzun bila hasteko, beharrezkoa dugu urte hauetako testuinguruari erreparatzea.

Krisi garaian murgildurik gaude eta ekonomiaz haratago, eremu politiko eta sozialean ere aldaketa sakonak ari dira gertatzen, bakoitza bere erritmoan. Beraz, instituzio publikoei azaleratu zaizkien erronka berrien jabe izan behar dugu. Eraldaketa horiek guztiak ulertzeko klabea globalizazioa da. Gobernantzari dagokionez, 3 dira azpimarratu beharreko faktoreak:

  • Ekonomiaren finantzarizazioa: Finantzetan oinarritzen den ekonomia, ekonomia erreala ez bezala, ezegonkorra da bere izaera espekulatiboagatik. Horrek koiunturen maiztasuna areagotzen du, ogasunen diru-sarrerak gutxituz eta ongizate-estatuaren narriadura eraginez.
  • Nazioartekotzea (maila anitzeko gobernantza): Estatuz gaindiko erakundeek erabakitze guneak herritarrengandik urrundu dituzte eta botere exekutiboa indartu, legegilearen kaltetan. Estatuek nazioarteko egitura ezberdinetan integratzearen truke, eskumen batzuei uko egin behar izan diete eta horrek politika publikoak inplementatzeko ahalmena murriztu die.
  • Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) garapena: Teknologia berriek suposatu duten iraultzak biderkatu egin ditu, administrazio elektronikoaren bidez, gobernantzak eskaini ditzakeen aukerak. Administrazioan, baina, aldaketak motelak izaten dira eta egoera berrietara egokitzea kostatzen zaie.

 

Faktore hauen ondorioa da instituzio publikoak, gizartearen aldetik, pairatzen ari diren legitimitate galera. Horren aurrean, diskurtso politikoek gobernu eredua aldatzeko premia barneratu dute. Gobernatzeko modua birdefinitzeko garaia da, gobernantza tradizionala aldatzekoa azken finean. Berez, gobernantza hitzak ez du ezer berririk esaten, baina gaur egun politika egiteko zabaltzen ari den erari etiketa hori ezarri zaio. Zentzu horretan autore batzuek nahigo dute “gobernantza berria” terminoa erabiltzea.

 

Erabaki publikoak hartzerako orduan, gobernu eredu tradizionalek zuten zentraltasuna mantentzea ezinezkoa egin da testuinguru globalean. Gobernantza berria, hortaz, ezintasun horri irtenbidea eskaintzera dator; demokratizazioan sakontzea eta erabakiguneetako hierarkizazioa gutxitzea helburu duen paradigma da. Honen euskarriak gobernu ona eta gobernu irekia deituriko estrategiak dira.

 

Gobernu ona sustrai aristotelikoak dituen kontzeptu filosofikoa da. Batez ere, kudeaketa zintzo eta zuzenean datza. Izaera prebentiboa du eta alde bakarrekoa, hau da, ez du gizartearen feedback-ik behar. Bere 6 ezaugarriak honako hauek dira: ahotsa eta kontuak ematea, gobernuaren eraginkortasuna, erregulazio karga falta, botere judizialaren independentzia eta ustelkeriaren kontrola. Gardentasuna, etika publikoa eta desburokratizazioa dira ondo definitzen duten hitzak. Bestalde, gobernu irekiak elkarlaneko eta aldebiko izaera du; ezinbestekoa da gizarte zibilarekin hartu-emana edukitzea funtziona dezan. Gobernu irekia definitzeko, mugarri izan zen Barack Obamaren 2009ko Gardentasun eta Gobernu Irekiari buruzko Memoranduma. Bertan ezarri zen gobernu irekiaren dimentsioak gardentasuna, parte-hartzea eta elkarlana izango zirela eta baita IKTak lehenetsiko zirela bere garapenean. Izenak dioen moduan, estrategia honek kudeaketa publikoa herritar eta enpresa, elkarte nahiz bestelako eragile sozioekonomikoei irekitzea bilatzen du. Gobernu irekia gobernu onaren menpekoa da, izan ere, gardentasunak eskaintzen duen informazio eta fidagarritasunik gabe, ez da posible herritar zein eragileen kalitatezko parte-hartzea ezta konfiantzazko elkarlana.

2 estrategia hauen garapena ari da egungo gobernantzari forma ematen. Sare itxuran egituratzen den gobernu eredua da joera nagusia. Erabakiak modu horizontalago batean hartzen dira arloka (osasuna, ingurumena, hezkuntza…) eratzen diren sare espezifikoetan; gobernu, herritar soil eta arloari dagozkion eragileen artean.

 

eskema

Kasu konkretuetara jotzen badugu, Euskadin badira gobernantza berri honetara pausu adierazgarriak eman dituzten hainbat ekimen. Eusko Jaurlaritzak Irekia izeneko plataforma jarri zuen martxan 2010ean. Arrakastako kasu bezala aurkezten dute autore eta ikerketa askok. Irekiaren helburua herritarrei informazioa helarazi eta beren parte-hartzea ahalbidetzea da; guztia modu digitalean. Erabiltzaileek exekutiboak aurrera eraman nahi dituen ekimenen inguruko iritzia eman dezakete, Jaurlaritzari zuzenean proposamen bat egin edota elkarrizketa bat mantendu gainontzeko erabiltzaile eta Gobernuarekin berarekin. Udal mailan ere azpimarragarria da Azkoitiko Udalaren Danon herrixe plataforma. Irekiaren estiloari jarraikiz, baina egitura sinpleago batekin, herritarrek Udal Gobernuari galderak, proposamenak eta kexak helarazi diezazkiokete.

plataforma-ezberdinak

Gobernantza berriaren eredua ezartzeko ahalegin handiak egiten ari den beste administrazio bat Gipuzkoako Foru Aldundia da. Egiturari dagokionez, “Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioa” izeneko departamentu bat edukitzeak soilik, Foru Gobernuak kontu honekiko duen konpromiso maila islatzen du. Egunerokotasunean Diputazioak enpresa eta lurraldeko elkarte ezberdinekin duen tratua, kolaborazio publiko-pribatua eta herritarrengana hurbiltzeko hartzen dituen neurriak dira eredu honetan sakontzeko duen asmoaren seinale.

Aldundiaren webgunean “irekia” atala aurki daiteke non gardentasuna, datu irekiak eta parte-hartzerako bideak eskaintzen diren. Aipatzeko ekimena da aurrekontu irekiaren kasua. Honi ekarpenak egiteko epea urriaren 14an amaitu zen. Diputazioa herriz herri ibili da karpa batekin, herritarrek 2017ko aurrekontuan lehenesten dituzten proiektu eta lan-lerroak jasotzen, etxe guztietara ailegatu zen triptiko baten bitartez. Partaidetza presentzialaz gain, online egiteko aukera ere egon da. Imanol Lasak, Gobernantza diputatuak, Diario Vascon berriki argitaraturiko artikuluan onartzen du partaidetza digitalak ez duela espero zuten bezain ondo funtzionatu, batez ere, gazteen inplikazioa baxua izan delako. Ekarpenak egin dituztenen batez besteko adina 45 urtekoa izan da. Lasak, oro har, prozesu parte-hartzaileari buruzko balorazio baikorra egin du, hobetu beharreko aspektuak erronkatzat hartuz eta gogoratuz inportanteena aurrerapausoak ematen jarraitzea dela.

 

Ez dago iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.