02 ira. EGI Gipuzkoako kide den Ane Gil, DVk eginiko elkarrizketan
Gauzak ez dira aldatzen etxeko sofan eserita
Ane Gil EAJko militantea “Kexatzeak soilik helburu duen jendeak ez du balio; mugitu egin behar gara eta arrazoiz kexatu”.
Ane Gil aurreko urtean alderdikidetu zen EAJ/PNV alderdira, udan hain zuzen ere, eta bere erabakiaz pozik dagoela aitortzen du. Militante xume gisa, “gustura laguntzen dut alderdia ahal dudan heinean; edozein ekitaldi, jaialdi edo hitzaldi antolatu behar denean beti prest aurkitzen naiz kolaboratzeko”. Gazte aktibotzat du bere burua: “ezin dut etxean geldirik egon nire izaera dela eta, beti zerbait egiten egon behar duen neska naiz”. Horregatik, eta alderdikideekin gertutasuna zuelako, alderdikidetzea erabaki zuen eta alderdia lagundu “ekarpen txikiekin”.
Beti atsegin izan du Gilek politika. EAJ/PNV bere “inguru eta ideiak gustuko ditudalako hautatu nuen”. “Gertukoak ditudan eta gustatu zaizkidan pertsonen ibilbideak ezagutu ditut, motibatu nautenak. Alderdikide gisa dauden ezagunak ditut eta hauek beraiekin bat egiteko proposamena egin zidaten, eta pentsatu nuen, zergatik ez. Eta ez du zalantzarik, ondo egin nuen”. Alderdiko gazteenen artean egonda, Gilek dio “babestua sentitzen” dela, “helduagoek bere laguntza eskaintzen didate” eta “asko errespetatzen naute”. Gainera, “nire ahotsak beste alderdikideenak bezain besteko balio du”, horrela ziurtatzen du gazteak.
Irakasle ikasketetan dabilen gazte honentzat, politika gauzak aldatzeko modu bat da, hobetzeko modu bat, “motibazio eta iniziatiba” eskatzen duelarik. “Alderdiaren kontua, nire kasuan, bigarren mailako zerbait da. Ez da nire helburua. Inork ez daki non amaitu dezakeen, baina gaur egun nire ikasketekin oso pozik nago eta oraingoz ez dut asmorik horretan jarduteko”. Gazteriari dagokionez, “geroz eta apolitikoagoa” dela dio. “Asko dira kexatzen direnak, baina gero politikaz paso egiten dute”. “Nik behintzat gauza bat argi badut, sofatik ez dela ezer ere ez lortzen, ez kexatzea helburu duen jendeak ez duela balio, mugitu egin behar gara eta arrazoiz kexatu”, horrela baieztatu du Gilek.
Sorry, the comment form is closed at this time.