Independentziara, erabakiz, independentzia erabakiz

Ez da atzo goizean sortutakoa erabakitzeko eskubidearen ideia. 2005eko otsailaren 1ean, honela mintzatzen zen Ibarretxe Lehendakaria Espainiako Diputatuen Kongresuan, Legebiltzarrean gehiengo osoz onarturiko Estatutu Politiko berriaren proposamena aurkezten hasi zenean: «Eusko Legebiltzarraren izenean etorri naiz hona, Espainiako Gorteetara, defendatzeko Euskadik eta euskaldunok eskubide osoa dugula gure etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko».  Geroago hasi zen “GURE ESKU DAGO” herri mugimendua eta gogotsu bezain ilusioz jarraitu dugu beronen bilakaera. Bai antolatzen zituzten hitzaldi eta ekitaldietara joanez, hala herri batzar eta antolakuntza lanetan parte hartuz.

2014ko giza katean izan ginen, gizarte batean hain oinarrizkoa iruditzen zaigun eskubide honen alde. Dinamika hauen zuzendaritzarekin ere behin baino gehiagotan elkartu gara. 2015ean, euskal hiriburuetako futbol-zelaietako sarrerak erosi genituen eta baita egun osoa igaro ere.

Heldu zaigu bada Euskadiko hainbat herri eta eskualdetan, erabakitze hau gauzatzeko eguna. Urduri gaude, baina aldi berean itxaropentsu. Halere ez dugu ulertzen nola demokrazian bizi den gizarte batean, gisa honetako ekintza baten aurrean zenbaitek duten pasibitatea. Nola liteke, herritarroi gure etorkizunaz erabakitzeko aukera bat ematen zaigunean parte ez hartzea? Ez al die bada beraien etorkizunak inportarik? Egunerokotasunean akomodaturik ote daude? Ez al zaie axola herri honek zein bide hartzen dituen? Harriturik bezain haserreturik begiratzen diegu, herri galdeketa hauetan parte ez hartzeko dioten deiei. Zail egiten zaigu, hainbeste maite dugun herriaren etorkizuna aukeratzeko aitzakia makalak darabiltzatenak zilegitasunez ikustea. Demokrazia batean, nola uler daiteke hain demokratikoa den ekintza baten aurka jartzea?

“Ez dugu lotsarik, ez dugu beldurrik, nor geran, zer geran aitortzeko!” dio euskal kantak. Euskaldunak bagara, Euskal Herria maite badugu eta Herri honetan sinesten badugu, badakigu non dugun  hitzordua datorren igandean, aukera dugun orok. Abertzaleok ez dugu aitzakiarik ezta konpromisorik ere honelako aukera bati uko egiteko.

Urduri gaude, bai, baina burua hotz eta ideiak argi ditugu. Aspalditik gatoz, lan asko egin dugu independentziaren alde, eta independentzia izan da beti gure helburu. Badakigu bidea ez dela erraza izango, ez digutela erraza utziko. Halaber, jakitun gara independentziara erabakiak hartuz iritsiko garela, euskaldun guztiok erabakiz. EGIk ekainaren 5ean eta datozen urteetan egingo diren herri-galdeketetan euskal estatu independente baten aldeko aldarria egingo du. Independentzia erabakiko du, eta harro esango du gure etorkizuna geuk erabakiko dugula eta geure esku dagoela!

Ibarretxe Lehendakariaren hitzak gogoratuz: “Euskadin bizi eta lan egiten dugunok izango gara geure etorkizuna erabakiko dugunak”.

GORA EUSKADI ASKATUTA! INDEPENDENTZIA!

No hay comentarios

Sorry, the comment form is closed at this time.