10 sep. Irailaren 8a, Euskal Kolektibitatearen Nazioarteko Eguna
Euskal Kolektibitateak Nazioartean izan duen eta oraindik duen garrantzia oso inportantea da: haien Aberria sekula ahaztu ez zutenen ondorengoek eusten dute atzerrian gaur egun Euskadiren sugarra bizirik, haien arbasoek egin zuten bezalaxe.
Jakin badakigu ez dela lan makala izan, asko izan baitziren gurasoen hizkuntza eta ohiturak galdu zituzten seme-alabak, “akulturazio” prozesu bat pairatu zuten gazteak. Maiz, erbestera edo atzerrira joandako euskaldunek herri berriko ohiturak barneratzen zituzten; eskuzabalki ongietorri eman zien herrialdea Aberria bezainbeste maitatzera ere heldu ziren batzuk. Horrela, gutxika-gutxika, Euskaditik joandakoen oinordekoak euskal ohitura, hizkuntza eta kultura ahazten eta galtzen hasi ziren; kasu batzuetan, galera erabatekoa izatera iritsi zen, nahiz eta, zorionez, gaur egun, joera hura irauli eta kontrako prozesua ematen den. Bilobek berreskuratze prozesu bat hasi dute, euskotar sentituz haiek. Egon badaude euskaraz egiten duten argentinar, txinatar, ingeles, amerikar, eta imajina ezin ditzakegun txokoetako euskaldunak; baita dantzatzen edo pilotan jokatzen dutenak ere. Izan ere, horrela iritsi dira gaurdaino Euskal Etxeetan hezitako euskotarrak, aldaketa gehiago edo gutxiagorekin, nahiz eta, akaso, sekula Euskadi zapaldu ez duten.
Hizkuntza ez dute arlo pragmatiko bezala soilik ikusten; haien euskalduntasunaren jarraipena da euskal atzerritarrentzat. Euskara hitz egin gabe euskalduna izatea ulergaitza da askorentzat; mugen barruan gertatzen ez den fenomeno mingarria dudarik gabe. Izugarrizko garrantzia ematen diote euskarari, eta horrela ulertzen da Euskal Etxeetan euskara irakasle nekaezinak eta euskara ikasle biziak egotea. Gehiago edo gutxiago egongo dira, baina badaude. Eta hori da garrantzitsuena, jendearen gogoa eta prestutasuna ez direla hiltzen. Adierazgarria da baita ere Euskadiko mugetan kokatzen ez diren euskal dantza taldeak egotea, kalitate eta dedikazio handikoak, eta kultura munduan zehar zabalduz buru-belarri dihardutenak. Berdina gertatzen da kirol eta jokoekin: nazioarteko pilota jaialdiak daude; mus txapelketak antolatzen dira haien herrialde mailan eta baita mundu mailan ere; herri-kirolak praktikatzen dira…
Harrotasunez daramate haien aitona-amonen abizena eta historia; eta, zergatik ez, esan daiteke kanpoan ditugun enbaxadore onenetarikoak direla, haien ahotik irteten baitira gure Aberriari buruzko hitz goxo eta laudagarrienak. Gure historiaren transmisioan ezinbesteko protagonistak dira, euskal nortasuna haien ondorengo belaunaldietan txertatuz eta hura mantenduz aritzen baitira. Bizirik dagoen gure historia kolektiboaren zatia dira.
Sarritan, nazioa nazio-estatua baino lehenago datorrela esan ohi da, Aberria norbanakoek osatzen dutela. Alabaina, eraikuntza prozesu horretan, antolatutako giza kolektiboek eragin zuzena dute nazio ikuspegiaren pertzepzioan; eta horren adibide garbia da euskaldunok mundu osoan zehar zabaldua dugun sarea.
Gure Aberria ez dugu Euskadin bizi garenok bakarrik osatzen. Aberria euren herritik joan behar izan zutenen eta atzerrian euskal kultura —eta, era berean, euskara— mantendu zutenen oinordekoek ere osatzen dute; baina baita Euskaditik kanpo bizi eta euskara eta euskal kultura ikasi eta maite duten eta euskal nortasuna aldarrikatzen duten horiek ere. Horiek guztiek Euskadiren zortzigarren probintzia osatzen dutela esan daiteke.
Abertzale orok dakigu munduan zehar zabalduta dauden euskaldun horiek guztiak ere aberrikide ditugula.
1876an, Montevideon, “Laurak Bat” izena zeraman lehen Euskal Etxea sortu zen; eta, ordutik, gaur egunera arte, euskal etxe guztiak etengabe aritu dira lanean euskal kultura, ohitura eta hizkuntza mantentzen, nahiz eta bilgune horiek Guda Zibilaren ondotik izan zuten presentzia eta jarduera gehien.
Bizitza honetan garrantzitsuena ez da erortzea, indar gehiagorekin altxatzea baizik; eta hori erakutsi digute euren aberritik erbestera ihes egin behar zuten euskotar askok eta askok. Gudak eragin zituen milaka errefuxiatuek haien herri berrietan “Euskadi txikia” sortu zuten, etxean ukatzen zitzaien Aberria hil ez zedin.
Eusko Jaurlaritzak ere izan du bere garrantzia lan horretan: elkartruke programen bitartez atzerriko euskaldun askori euskara ikasteko aukera eman die, diru-laguntzen bitartez; izan ere, bisiten eta bestelakoen bitartez lagundu die Jaurlaritzak Euskal Etxeei jarduerekin jarraitzen.
Historikoki, euskal kolektibitatea zinez lagungarria izan da erakundeei eta enpresei dagokienez; izan ere, ateak zabaltzea eta sare ekonomiko eta sozial ugari lantzea ahalbidetu du, euskal jatorriko jende askori esker. Hori dela eta, Euskadiren erakunde eta enpresentzat interesgarria izan liteke atzerrian ditugun euskal ekintzaileekin harreman estuak mantentzea. Gure Aberriaren izen ona munduan zehar barreiatzeaz gain, ekonomiaren zati garrantzitsu baten bultzatzaile eta sustatzaile ezin hobeak izateaz arduratzen diren euskotarrak baititugu mugen beste aldean.
Maiz, metaforak erabiltzen dira irudi soil baten bidez egoera bat marrazteko: mendi gailurrarekin garaipena eta arrakasta; infernuarekin sarraskia eta triskantza; uso zuriarekin bakea. Baina nola irudika genezake irudi bisual baten bitartez Euskaditik kanpo euskotar guzti horiek Aberriaren alde egiten duten lan guztia? Ezinezkoa da erantzuna ematea, bakoitzari sortuko dizkigun zirrara eta sentimenduak era guztietakoak izango baitira. Horrek ere, berezi egiten du euskal kolektibitatea, irudi soil batez irudikatu ezin daitekeen euskara kuttunaren moduan.
Orain, gaurko egun berezi honetan, guri dagokigu Euskal Kolektibitatea deritzona osatzen duten guztiei esker oneko hitzak zuzentzea, egiten duten lana eskertzea eta duten garrantzia azpimarratzea. Guk behar ditugun bezala behar gaituzte haiek gu ere; euskal nortasunaren oinarrietako bat dira, askotan jabetzen ez bagara ere.
Egin duzuen, egiten duzuen eta egingo duzuen guztiagatik, mila esker mugetatik kanpo aurkitzen zareten euskaldun guztiei eta Euskal Kolektibitate zoragarria osatzen duzuenoi! Jarrai dezagun euskal nortasuna eta Euskadi askea batera eraikitzen!
Aitana Agirre Loiarte eta Jon Andoni Urdangarin Urrutia
EGI-Euzko Gaztediko Aberri Kontseiluko kideak
Sorry, the comment form is closed at this time.