09 dic. OINAK ATZERRIAN: IMMIGRAZIOA ETA GIZA ESKUBIDEAK
Gipuzkoako EGIk Urnietan abiarazi du «Oinak atzerrian: immigrazioa eta giza eskubideak» izenburupeko formazio-ikastaroa.
EAJko gazteek immigrazioa eta kultura-aniztasunaren gaiak landuko dituzte datozen hilabeteetan.
EGIko kideen hitzetan, immigrazioak edozein gizarterengan dituen eragin ekonomiko, sozial eta kulturalak aintzat hartuta, «atzerritik gurera datozen pertsonak gizarteratzea da egun eta etorkizunera begira Euskadik duen erronka handienetarikoa». Horrexegatik, eta, besteak beste, «gorrotoan oinarritzen den diskurtso xenofoboari aurre egin ahal izateko, funtsezkoa da gai honen inguruko errealitatea ezagutzea, batetik, eta giza eskubideak babestuko dituzten politika eraginkorrez aritzea, bestetik».
Hain zuzen ere, Urnietako batzokian egindako irekiera saioan EGIkoek «Immigrazioaren fenomenoa Euskadin» izan zuten hizpide. Gaiarekin laguntzeko, IKUSPEGI-Immigrazioaren Euskal Behatokiko aditua den Irune Ruiz gonbidatu zuten. Ruizek Ikuspegiren 2019ko Barometroaren berri eman zien gazteei. Euskal gizarteak fenomenoaren aurrean duen iritzi orokorra «tolerantea» dela baina «mesfidantza eremuak» ere badirela azpimarratu zuen.
Halaber, saioaren bigarren zatian, egun Donostian bizi den Abdel Malik gaztearekin izan zuten solasaldia. Abdelek hamahiru urte zituela Maroko jaioterritik alde egin zuen eta orduz geroztik izandako bizipenak partekatu zituen EAJko gazteekin.
Datozen hilabeteetan saio berriak antolatuko dituzte Gipuzkoako EGIkideek, besteak beste, errefuxiatuen auzia edota xenofobiaren arazoa aztertzeko asmoz.
Sorry, the comment form is closed at this time.